Zer da AAB?

Kaleko kontenedoreak kendu (beirarena izan ezik) eta, garai batean bezala, etxeko atarian bertan jasoko dira hondakinak.
Hori bai, hondakinak ez dira nahastu beharko eta asteko egun bakoitzean hondakin-mota bat jasoko da.

Atez atekoa martxan jartzeko hamar arrazoi

1. OSASUNA.- Ez da osasunarentzat arriskutsuak diren zabortegirik eta erraustegirik behar. Horrek eragin zuzena du naturaren eta pertsonen osasunean. Etxean sortzen ditugun hondakin organikoak bereizita jasota, geratzen den hondakin apurrak ez du ez usainik ezta metanorik ere sortzen zabortegietan. Gainera, erraustegien beharra ekiditen da eta, horrela, erraustegien ondorioz sortzen diren osasun-arazoak saihesten dira.

2. INGURUMENA.- Berotegi-efektua duten gasak gutxitzen dira. Atez ateko bilketari esker, ez da metanorik sortzen eta gas hau da berotegi efektuaren erantzule nagusienetako bat.

3. EROSOTASUNA.- Erosoa da, atez ate egiten delako. Jada, ez duzu bereizita jasotzeko kontenedoreen bila joan behar. Asteko egun bakoitzean, etxeko atarian bertan jasoko dizute birziklatu daitekeen hondakin-mota bat.

4. PREZIOA. Ekonomikoki bideragarria da. Nahiz azken garaietan hondakinak biltzeko tasa merkeak ordaindu ditugun, hondakinak nahasita biltzea gero eta garestiagoa izango da. Atez ateko bilketak gastu horiek garestitzea saihestuko du. Atez ate biltzea kontenedoreetan biltzea baino garestiagoa izan arren, tratamendua merkeagoa da eta, gainera, birziklatzeari esker diru-sarrerak lortu daitezke. Horrela, bilketak sortzen dituen gastuak konpentsatzen dira.

5. GARBITASUNA.- Kaleak garbiago daude. Kontenedoreak kaletik kenduta, kontenedore horien inguruan metatzen den zaborra ere desagertzen da.

6. LEGEA. Indarrean dagoen legedia beteko dugu. 2001eko urtarrilaren 1etik, 5.000 biztanle baino gehiago dituzten udalerriek materia organikoa bereizita jaso behar dute, konposta egiteko. Gainera, atez ateko bilketarekin kontenedoreekin lortzen ez diren birziklatze-tasak lortzen dira eta, horrela, Europako zuzentaraua eta ontzien legea betetzen dira.

7. LANA.- Lan postuak sortzen ditu herrian. Atez ateko bilketarekin, hondakinak jasotzeko pertsona gehiago behar da eta, gainera, konpost-fabrikan ere lanpostuak sortuko dira. Lanpostu horiek nahasita bildutako zaborra tratatzeko gastatuko litzatekeen diruarekin eta birziklatzetik lortzen diren diru-sarrerekin finantzatuko dira.

8. ASEBETETZEA.- Birziklatzeko gogoa egi bihurtzen da, behingoz. Nahiz, gaur egun pertsona askok ontziak, papera/kartoia eta beira birziklatzen dituen, materia organikoa ez da birziklatzen eta hondakinen zatirik handienak zabortegian amaitzen zuen.

9. ELKARTASUNA.- Elkartasun ekintza da, naturarekin eta beste herrialde batzuekin. San Markoko zabortegia itxita, hondakinak beste hiru zabortegietara eramaten dira eta hiru herri horietako biztanleak kaltetzen dira. Atez ateko bilketarekin kalte hori saihestuko dugu.

10. ESPAZIOA.- Handitu egiten da kaleko espazio librea (2 edukiontzi = parking leku 1, 3 moto, 4 bizikleta)

Hernaniarron osasuna eta bizi-kalitatea bermatzea dira atez atekoa ezartzeko arrazoi nagusiak. Horrez gain, hondakinen %80 birziklatuz, hondakinen oinarrizko legedia beteko litzateke, Usurbilen lortu den bezala.
Hondakinen kudeaketa gero eta konplexuagoa da, gero eta material desberdin gehiago erabiltzen delako eta, batez ere, gero eta zabor gehiago sortzen dugulako. Jakina denez, gure bizimoduak badu alde ilunik eta ingurugiroaren gainean egiten dugun presioa gehiegizkoa da: kontsumoa, lehengaiak neurri gabe ustiatzea, garraioa, poluzioa, isurketa toxikoak, etab.
Gaur egungo bilketa-sistemarekin, San Markoko Mankomunitateko hamar herrietako etxeko hondakinen (EH) %78,5 zuzenean jaurtitzen da zabortegira. Hau da, gaur egun, sortzen diren hondakinen %21,5 bakarrik birziklatzen da eta gainerako guztia zabor bilakatzen da.
Birziklatzen dena papera, beira eta ontzi arinak (plastikozko botilak, brick ontziak, etab.) dira, batez ere. Horrela, 2007an etxean sortutako hondakinen %42 materia organikoa izan arren, EZ GENUEN MATERIA ORGANIKOAREN GRAMO BAKARRA ERE BIRZIKLATU.

*San Markoko Mankomunitateko birziklatze-tasak

Esan behar da, halaber, egoera hori erabat legez kanpokoa dela. Hondakinen oinarrizko Espainiako legediak (98/10 legea) agintzen du 5.000 biztanletik gorako herrietan etxeko hondakin organikoak bereizita bildu behar direla. Lege hori beranduenez 2001eko urtarrilaren 1ean bete behar zen, baina Gipuzkoan ez da inoiz aplikatu, eta egoera horren aurrean autoritateek begiak ixten dituzte.

Hernaniarrok mahai gainean jarri dugu arazo horren soluzioa, irizpide nagusi bat lehenetsita: hernaniarron osasuna eta ongizatea. Etxeetan, merkataritzan eta enpresetan sortzen ditugun hondakinen atez ateko bilketak zabortegiek eta erraustegiek sortzen duten arazorik larriena ekiditen du: ez dio kalterik egiten jendearen osasunari. Eta, gainera, erosoa da hondakinak etxe-atarian bertan jasotzen baitira.
Europako herrialde aurreratuenetan gero eta gehiago erabiltzen den sistema da, eta emaitza oso onak lortzen dira. Sistema horren bidez birziklatze-tasa %20tik %80ra pasa daiteke. Horrela, hondakin gehienak ekoizpen-sistemara itzultzen dira eta, ondorioz, ez da ia zaborrik sortzen. Irabazi handiko sistema da, beraz, hala herritarrontzako nola ekonomiarako, ingurugirorako e.a.

Bada arrazoi nahikoa herrialde aurreratuenetan jadanik erabiltzen den sistema gurera ekartzeko. Izan ere, udalak eskura dituen baliabideak urriak izan arren eta ohiturak pixka bat aldatu behar izango ditugun arren, bakoitzak ahalegintxo bat eginez guztion osasunak irabaziko du.