Ricardo Ortega (Sanmarko): “Hernaniko emaitzek atez atekoa Gipuzkoa osora zabaldu daitekeela erakusten dute”

YouTube Preview Image

Ricardo Ortega Sanmarko Mankomunitateko lehendakariak Hernaniko Udala eta hernaniar guztiak zoriondu ditu lortutako emaitzengatik. Esan du Sanmarkoren ustez dagoeneko ez dagoela arrazoirik atez atekoa herri txikientzat bakarrik dela baieztatzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiari atez atekoa jartzen duten herriei laguntzeko eskatu die eta Sanmarkok birziklatzen duen esperientzia zabala eskaini die, bidelagun izateko.

Jarraian Ricardo Ortegak esandako guztia irakur dezakezu:

Ricardo Ortega: “Oso pozgarria da entzutea 20.000 biztanleko herri batek atez atekoaren lehenen lau astetan hainbeste birziklatzea. Beraz, lehen hitza hernaniko udalari eta hernaniar guztiei zorion beroenak emateko Sanmarko Mankomunitatearen izenean.

Gogoan daukagu Usurbil izan zela atez atekoa ezartzen lehen udalerria. Emaitza ikusgarriak lortu zituen baina hala ere bazeuden batzuk atez atekoak herri txikietarako bakarrik balio zuela esaten zutenak. Orain zer esango dute? Hernani bezalako herri batek, dentsitate handiko herri batek, 20.000 biztanlerekin horrelako emaitzak lortzen dituela ikusita.

Ni ziur nago herritarrek eskertu egin dutela egindako saiakera. Harro egongo direla, harro egoteko moduan daudelako. Honekin demostratzen da edozein herrik ezar dezakeela atez ateko gaikako bilketa eta hori dela etorkizunerako aukeratu behar dugun eredua Gipuzkoa osasuntsu bat nahi baldin badugu.

Gaur nahitanahiez Sanmarko Mankomunitatetik Gipuzkoako Foru Aldundiari eskaera bat egin behar diogu. Eskatzen diogu atez ateko bilketa ezarri nahi duten udalerriei laguntza emateko, autokonpostajea bultzatu nahi duten herriei laguntzeko, baita konpostatze plantak egin nahi dituzten herriei finantziatzen ere. Hori esaten diogu ingurumenan egindako inbertsioek ez dutelako preziorik. Gure osasuna zaintzeko inbertitutako euroak urre direlako.

Gipuzkoa Europa mailan liderra izan daiteke hondakinen kudeaketan, herri aurreratuena. Gipuzkoa ia errefusarik gabeko herrialdea izan daiteke. Inoiz izan duen aukerarik onenaren aurrean dago Gipuzkoa, hondakinen kudeaketa eramangarri arrakastatsua egiteko.

Gipuzkoako Diputazioari elkarlana eskaintzen diogu, beraz. Gure esperientzia eskaintzen diogu. Gauzak ondo egiteko gure gogo eta borondatea eskaintzen diogu, horrelako aukerak ezin ditugulako galdu. Denon ardura da Gipuzkoa garbi eta osasuntsu batean bizitzea.

Bukatzeko berriz ere zorionak ematea Hernaniko Udalari eta herritar guztiei eta gauden fetxatan egonik merezi duten bezala San Juan ondo ospatu ditzatela.“ 

0 iruzkin oraingoz

iruzkina gehitu

  1. Konektatu