Marian Beitialarrangoitia: Birziklatzea, borondatezkoa ala derrigorrezkoa?

Marian Beitialarrangoitia: Birziklatzea, borondatezkoa ala derrigorrezkoa? Elkarbanatu

Marian Beitilarrangoitia alkatearen iritzi artikulua argitaratu dute hainbat egunkarik. Duen interesagatik hona ekarri dugu:

Birziklatzea borondatezkoa edo derrigorrezkoa?

IMG_0749 Usurbilen hondakinak atez ate biltzeko esperientziak esperantza itzuli dio Gipuzkoari. Urtebetean argi eta garbi geratu da, bai ekonomikoki bai eta sozialki ere, gure hondakinak era arduratsu eta jasangarrian kudea daitezkeela. Usurbilek frogatu du Gipuzkoa zabortegi toxikoak gainditzeko gai dela, eta, gauzak hasieratik ondo egiten baditugu, erraustegia eraikitzea saihestuko dugula.

Dena den, Usurbilen derrigor birziklatu beharrak beste eztabaida bat sortu du, zenbaitentzat deserosoa, inondik ere, ikuspuntu politikotik begiratuta, baina beste askok beharrezko jotzen duguna. Udalek herritarrak hondakinak sailkatzera derrigortu al ditzakete hondakin horiek birziklatu ahal izan daitezen?

Alderdi politiko batzuek ezetz esaten diraute. Birziklatzea borondatezkoa izaten jarrai dezan nahiago dutela diote. Beste batzuek, ordea, birziklatzea derrigorrezkoa izan behar duela uste dugu, San Frantzisko, Seattle edo Taipei hirietan egiten den moduan.

San Frantziskokoa adibide interesgarria da, besteak beste, eta desberdintasunak desberdintasun, nolabaiteko antzekotasunak daudelako Gipuzkoaren eta San Frantziskoko metropoliaren artean, 750.000 pertsona hartzen baititu bere baitan. 2008. urtean konturatu ziren martxa hartan jarraituz gero Altamont-eko zabortegia 5 urtetan beteta edukiko zutela. Alarmak piztu egin ziren. Beste zabortegi bat irekitzea edo erraustegi bat eraikitzea ez zituzten alternatiba gisa ikusten, bi aukera horiek ekarriko zutena izango zelako hiriak osasunaren prebentzioari begira, birziklatzeari begira eta berotze globalari lotutako aurreneurriak hartzeari begira hartutako konpromisoetatik betirako urruntzea.

Kezka ez zetorren arazoari irtenbidea ahalik eta azkarren bilatu beharretik bakarrik. Bazegoen beste arrazoi are garrantzitsuago bat: herritarren borondatean oinarritutako birziklatze sistemaren porrota. Zabortegiaren itxiera data ezartzen zuen ikerketak berak aditzera eman zuenez, birziklatze programetan milioika dolar inbertitu arren, herritarrak kontzientziatzen hamarkadetan zehar egundoko lana egiten ibili arren eta hobari fiskal garrantzitsuak eman arren, Altamont-eko zabortegira iristen zen guztiaren %36 material konpostagarria zen, eta %31 material erabat birziklagarria, sailkaturik jaso izan balitz (papera eta ontzi arinak, batik bat). Horren aurrean, zezenari adarretatik heltzea erabaki zuten: joan den urteaz geroztik San Frantziskon birziklatzea derrigorrezkoa da. Eta orain sistemak funtzionatzen du. Urtebetean %70eko birziklatze mailara iritsi dira, eta 2020 urtean amestutako zero hondakin egoerara hurbiltzeko moduan egongo direlakoan daude.

Borondatezko sistemen porrota ez da San Frantziskon bakarrik gertatu. Orokorra da. Herritarren partaidetza borondatezkoa denean, birziklatze tasa nekez iristen da %35 baino gehiagora. Eta hori gertatzen da, hain zuzen ere, borondatean oinarritutako sistemek birziklatu nahi ez duten pertsonak saritzen dituztelako. Aldiz, derrigorrezko sistemek, atez atekoak esaterako, birziklatu nahi duten pertsonak saritzen dituzte. Gobernuak azken horiei begira egin behar ditu legeak.

Gipuzkoan, zabortegiak dauden moduan egonda, %35 bakarrik birziklatzen badugu, ezinezkoa izango da erraustegia saihestea. Azken batean, erraustegiak behar duena zera da, alegia, birziklatzea borondatezkoa izan dadila, eraiki behar izatea justifikatzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiak badaki hori, ondo jakin ere. Bosgarren edukiontziaren emaitzak publikoki puztu baditu ere, 2010-2016 eperako onartu duen Hiri Hondakinen Kudeaketako Plan Integralean irakur daitekeenez, 2016 urterako hiri hondakinen %70 erretzea kalkulatzen dute. Beraz, Foru Aldundiak berak onartzen du 5. edukiontzia ez dagoela birziklatzeari begira pentsatua, erretzeari begira baizik.

Birziklatzearen eta erraustearen arteko lehian erraustea aukeratu du Foru Aldundiak. Galtzaileen hautua da; jendearengan konfiantzarik ez dutenena. Joka dezagun zintzo. Gipuzkoa ez dago, inondik ere, aprobetxa zitzakeen materialen %70 erretzeko. Lurralde txikia gara eta gure indarra baliabideak ahalik eta hobekien aprobetxatzean datza. Sekulako diru xahutzea da hau, kalkula ezina, gure biriketan dioxina eta toxina moduan bukatuko duena, kontrol publiko eta sozialetik kanpo. Foru Aldundiko drag queen-ak muntatu duten larunbat gaueko reif hau geldiarazi beharko lukete, dagoeneko krisi sozial bihurtzeko eta gure osasuna eta ongizatea arrisku larrian jartzeko bidean baitago.

IMG_0730 Erraustegia bultzatzen ari diren alderdi politikoek askatasuna hitza erabiltzen dute, horixe da beraien lelo berria. Lelo hanka motza. Lehenik eta behin, beraiek defendatzen duten askatasun hori azken finean herritarrei kutsatzen uztera, gogoa ematen badie mugatzen delako. Eta hori ez da askatasuna; hori jokabide arduragabeak hitz ponpoxoz mozorrotzea da. Bigarrenik, erraustegia martxan jartzen baldin bada, erraustegiaren eraginpeko eremuan bizi garen 237.000 gipuzkoarrentzat dioxinak irenstea derrigorrezkoa izango delako. Foru Aldundiko pareten atzean dioxinak irensteko derrigortasuna birziklatzeko derrigortasunaren gainetik jartzen duten kargu publikoak ezkutatzen dira. Jendea birziklatzera ala dioxinak irenstera behartzearen artean, nik garbi daukat zein den nire aukera. Eta, hirugarrenik, osasuna delako askatasunen artean lehenengoa. Gure osasunaren alde borroka egitea gure askatasun oinarrizko eta funtsezkoena babestearen alde borroka egitea da. Birziklatzera behartzea askeago izan gaitezen behartzea da.

Birziklatzearen derrigorrezkotasunari buruzko eztabaidari normaltasunez ekin beharko genioke, beste hainbat gaitan egiten dugun moduan. Adibidez, gure txakurren kakak jaso behar genituela onartzea hasieran kosta egin zitzaigun, baina orain normal-normal egiten da. Segurtasun-uhala jarrita dugula gidatzea edo motoz goazenean kaskoa jantzita eramatea edo haurrak autoan doazenean eserleku berezietan eserita joatea ere derrigorrezkoa da. Hasieran kosta egin zitzaizkigun barneratzea, baina denborarekin onartu egin ditugu, ulertu baitugu osasunak eta osotasun fisikoak ahalegin horiek egitea eskatzen duela. Udal araudiak horrelako adibidez beterik daude, hasieran herritarren gustukoak ez direla irudi badezakete ere, denborarekin bizi kalitaterako eta osasunerako mesedegarri diren arauez beterik. Udalek herritarrak hondakinak ez nahastera behartzen badituzte, birziklatzera bideratzeko helburuz, norabide egokian beste aurrerapauso bat ematen ariko gara. 

3 iruzkin oraingoz

  1. 001 arantza

    Kaixo Arantza naiz eta zalantza batzuk dauzkat. Badakit birziklatzea komenigarria dela, baina atez ateko sistemarekin lortuko dugu errauste-planta ez eraikitzea?;eta egiten badu,zer gertatuko ote da?
    Nire ustez biltzeko dauzkagun egunak ez dira nahikoak, agian organikoa edo papera ateratzeko bai, baina zer gertatzen da plastikoarekin? Nik, adibidez, egunero ateratzen dut eta sistema berriarekin hasi ondoren zer egingo dudan gainontzeko egunetan. Gainera, ateratzeko orduan ez da gehiegi izango ia astebetekoa ateratzea bi kuboetan (sartzen bada)?

    2010 Apirilak 3
  2. 002 bulegoa

    Kaixo Arantza, eskerrik asko zure zalantzak gurekin partitzeagatik. Hasteko esan, zalantzak izatea normala dela, sistema berria delako. Guk ere baditugu zalantzak. Errauste-planta egingo duten? Ez dakigu. Dakiguna da, %80a birziklatzea lortzen badugu errauste-planta hori ez dela beharrezkoa erakusten ariko garela. Eta %80a birziklatzea berez dela ona. Bestalde, bilketa egunak eta maiztasuna udal teknikariek proposatu eta Aukera…tú! partehartze prozesuan onartu zen. Familia normalentzat nahikoa eta sobra. Usurbilek erakusten du hori, orain arte ez da inor kexatu ‘nahikoa’ ez delako. Ontzi arinen kasuan, egia da bolumen handia hartzen dutela, eta irudi duela bi egunetan aterata etxean toki asko hartuko dutela, baina azkenean ez da hainbeste izaten eta egun konkretutan ondo antolatu ezkero ez lukete arazorik eman behar. Denborarekin guztiok ikasten joango gara.

    2010 Apirilak 5
  3. 003 ximon

    hasierako galdera, birziklatzea derrigorrezkoa ala borondatezkoa ote den… udalak derrigor ote dezakeen jende zaborrak modu egokian birziklatzen…
    nik ez daukat inongo zalantzarik. kontua ez da administrazioak (ez baita udal-arazoa, baino herri-arazoa) derrigor dezakeen, kontua da administrazioak derrigortu egin beharko lukeela. iruditzen zait gai horretan ezin dugula erdibideko bidezidorretan galdu. nahikoa izorratu dugu natura, eta ez zaigu denborarik geratzen sobera. zerbait egin behar da egoera konpontzen saiatzeko, eta lehen bailehen egin behar da.
    gure erosotasunak zama bat dakar, derrigor, itsatsirik, ezer ez baita doan izaten. ikasi beharko dugu gure obligazioa dela sortzen dugun (geronek sortzen baitugu, finean) zabor horren ardura hartzea, eta horrek suposatuko badu etxeko espazio bat horri eskaintzea, edo suposatuko badu badakit edo ezdakit zer ordutan hau edo bestea banatu, eta ateratzea, ba, halaxe egin beharko da. ala dena nahi dugu doan?
    gainera, sintomei baino hobe izaten da gaitzaren jatorriari heltzea. beti.
    eta derrigortasunaren kontu honetan, haratago egingo nuke. kontzientzia hartzen saiatu, eta hala ere jendea arrastoan kontzientzi bidez sartzen ez bada, legez sartu beharko, ezta? zertarakoa daude geure ordezkariak administrazioetan? zein beste arau planteatzen du inork derrigorrezkoa ala hautazkoa izan daitekenetz? muturreko adibideetan ulertzen dira sarri gauzak, eta hartara noa. aukera al daiteke semaforoa gorri ala berde dagoenean pasatzea, edo zabor poltsa ibaira botatzea?
    azkenik, atez ateko zabor bilketari nire bultzada guztia eman nahi diot. sistema hoberik topatzen ez den bitartean, onena horixe dela uste dut. baina horrek guztiak, derrigor, goragoko neurriak ekarri behar ditu lehenxeago edo beranduxeago, esan nahi baita, legez arautu beharko direla marketinaren ondorioz enpresa askoren gehiegikeriak; esaterako txartel digital baten aurkezpena; hamar/hamabost zentimetroko plastiko sendo batean biltzen dute zigilu baten tamaina doi duen elementua. eta hori adibide bakar bat baino ez da.
    bide onean goaz. aurrera!

    2010 Apirilak 11

iruzkina gehitu

  1. Konektatu