Marian Beitialarrangoitia: “Emaitza hauen meritua herritarrena da”

YouTube Preview Image

Marian Beitialarrangoitia Hernaniko alkateak atez atekoak lehen lau astetan eman dituen emaitzen behin-behineko balorazioa egin zuen. Lehendabizi herritarrak zoriondu zituen, aurreikuspen baikorrenak betetzearen meritua eurena delako. Lorpenen garrantzia azpimarratu ondoren, Gipuzkoako gainontzeko herriak gonbidatu zituen atez atekoa egitera, bere hitzetan “%80a birziklatzen duen herrialdeak ez duelako errauste-plantarik behar”.

Hemen duzue berak esandakoa irakurtzeko modua:

“Lehen hilabeteak, eta batez ere lehen asteak, ez dira izaten onenak atez atekoa ebaluatzeko, herritarrak oraindik sistema berrira egiten ari direlako. Normalean atez atekoaren potentzial guztia urtebetera ikusten da, jendea ohituta dagoenean, poligono industrialak ere sartuta daudenean eta abar. Datuak egunero aldatzen dira eta azterketa sakonagoak egiteko perspektiba luzeagoa falta da.

Beiraren datua ere ez dugu oraindik. Ecovidriok ez dizkio Sanmarkori oraindik datuak bidali. Hala ere, honek ez du birziklatze kopurua aldatzen eta aldatzekotan goraka egingo luke. Pilen datua ere ez dugu.

Herritarrek atez atekoa ematen ari den emaitzak jakin nahi dituzte. Horregatik atera gara gaur, datu guzti-guztiak ez baditugu ere. Aurrerago, datu guztiak eskuan ditugunean, publiko egingo ditugu, frakzioz frakzio eta tonaz tona.

Etorkizunean are emaitza hobeagoak lortuko ditugula jakin arren, oso pozik gaude dagoeneko lortu dugunarekin.

Hernanik orain bere hondakinen zatirik handiena birziklatzen du. % 80tik gora birziklatzea lortuta, Hernani birziklatzearen arora sartu da. Gure aurreikuspen baikorrenak bete ditugu %80ko langa lehen hilabetetik gaindituta.

Datuak oso onak izaten ari zirela aurreratu genuen, baina herritarren erantzuna bikaina izan da, lehen egunetik hasi baita bikain birziklatzen.

Ez bakarrik kantitatean. Lortzen ari garen organikoaren kalitatea ere bikaina izaten ari da, %99ko garbitasuna dauka. Horrek erakusten du herritarrek bikain egiten duela.

Emaitzak egonkortzen ari dira. Azken asteetako emaitzak erakusten dute egonkortzen ari dela eta asteko egun bakoitzean ia aurreko astean lortutako emaitza beretsuak lortzen ari gara. Hortaz, etorkizunean ere antzeko datuak espero ditugu, % 80a birziklatu eta goranzko joera.

Maialen Lujanbiok esan zuen eskuaren keinu bat nahikoa dela gure osasuna zaintzeko. Hernaniar guztiak zoriondu nahi ditugu, eurenak direlako emaitza hauen atzean dauden eskuak.

Jendea ohartu da errefusa dela zakarrontziko zatirik txikiena. Hernanin badago jendea oraindik errefusik atera ez duena. Eta asko dira behin bakarrik atera dutenak. Zabor poltsatik organikoa kentzen dugunean, ontziak eta papera kentzen ditugunean, ia ez da ezer geratzen. Eta jendea horretaz ohartu da.

Atez atekoak duen beste abantaila da beste bilketa sistemek ezkutatzen duten iruzurra agerian jartzen dutela. Errefusa asko jeitsi da eta hori da, hein batean, asko birziklatzen dugulako, baina baita ere gremioak jestore pribatuak bilatzen hasi direlako lehen edukiontzietan uzten zituzten zakarrak uzteko. Sanmarkoko Garbigunean ere igoera somatu da, jendeak orain ondo egiten dituelako gauzak. Donostia eta Errenteriaren ondoren Hernani da Sanmarkoko Garbigunea gehien erabiltzen duen herria. Lehen edukiontzitara joan behar ez zutenak joaten ziren. Gai horiek guztiak orain modu egokian tratatzen hasi gara.

Pozgarria da, baita ere, gure iragarpenak betetzen ari direla ikustea. Zaborra gero eta garestiago ordaintzen ari gara, eta inguruko herri guztiek zaborra gero eta gehiago biltzen duten bitartean, gu seirena jasotzera pasa gara. Lehen sei jasotzen bagenuen, orain bakarra jasotzen dugu. Gutxiago kutsatzen dugu eta dirutza aurrezten dugu.

Bidenabar, beste herrietako errefusaren igoeraren errua guri botatzea zitala izatea da. Inguruko herri guztien joerak aztertu ditugu eta apiriletik maitzera bitartean errefusean igoera txikiena Astigarragak izan du. Maiatzean 5 tona gehiago errefusa jaso dute eta Lezok aldi berean eta ia herritar kopuru beretsuarekin 20 tona gehiago jaso ditu. Alkate bakoitzak ikusi behar du zer egiten duen errefus kopurua jaisteko, guk atez atekoa jarri dugu martxan, baina ezer egin ez eta gainera euren errefusaren igoera guri botatzea maltzurra izatea da. Datuek erakusten dute Hernaniko hiri hondakinak Hernanin jasotzen direla.

Gipuzkoako beste herriei atez atekoa egitera animatzen ditugu. Erraza da %80 birziklatzea. Guk egin badezakegu, dugun densidadea izanda, kasko historiko konplexua, sagardotegi garaia, festak… zein da arazoa beste herriek atez atekoa egin ez dezaten? Bi edo hiru herri gehiagok atez atekoa erabakitzen badute, errauste planta defizitarioa izango da, ez duelako zer erre edukiko.

Hereinegun moratoria eskatu genuen Donostian. Gaur, emaitza hauekin beste behin frogatzen dugu errauste planta ez dugula behar. %81 birziklatzen duen herrialdeak ez du errauste plantarik behar.

0 iruzkin oraingoz

iruzkina gehitu

  1. Konektatu