Gobernu taldeak herri galdeketari buruzko iritzia berretsi du

Gobernu taldeak herri galdeketari buruzko iritzia berretsi du Elkarbanatu

Jarraian aurkituko duzu Hernaniko Gobernu Taldeak Zerbitzu Publikoen Batzordean banatu zuen idatzia. Idatzi horretan agertzen da bi herritarrek atez atekoaren inguruko herri galdeketa eskatuz aurkeztu zituzten sinaduren aurrean Gobernu Taldeak datorren asteko Udalbatzan hartuko duen jarrera. Jarraitu irakurtzen… 

Gobernu Taldeak aurkeztutako idatzia

atez atekoaren inguruko erreferenduma eskatzen duten sinadurak direla-eta

Hernaniko Udalbatzak gehiengoz onartutako udal mandatua jarraituz maiatzaren 9an hondakinen atez ateko bilketa abiatuko da Hernanin.

Hernaniko Udala behartuta dago legea betetzera eta Espainiako Hondakinen legearen baitan 10/1998 errege dekretuak dio 5.000 baino gehiagoko udalerrietan organiko guztia berezita jaso behar dela.

Administrazio publikoen zeregina da herritarren osasuna babestea. Administrazioek ez lukete herritarren osasuna mehatxatzen eta zuzenean kaltetzen duen praktika industrialik babestu behar.

Baliabideak gutxitzen ari diren garaiotan berrerabili eta aprobetxatu daitekeena zabortegira bota edo erraustea erabateko okerra da, bai ekonomikoki eta bai etikoki. Birziklatzeak ez luke aukera bat izan behar, obligazio bat baizik. Hainbat herrialdetan egiten den bezala, Gipuzkoan ere debekatuta egon beharko luke baliabideak erretzea.

Hondakinen atez ateko bilketak Hernaniko Udalari obligazio horiek guztiak betetzea ahalbidetzen dio, batetik, birziklatzea beharrezkoa egiten duelako eta, bestetik, errauste-planta toxikoaren proiektua bazterrean utz genezakeela frogatzen duelako.

Herri galdeketa, bai, jakina

Hernaniko Udal Gobernuak praktikan erakutsi du herritarren partehartzean oinarritzen dugula politikagintza. Duela gutxi egin dugu herri galdeketa bat, azpiegituren ingurukoa. Martxoaren 28an beste herri galdeketa bat egingo dugu Ereñozun, auzo-udal izan nahi duten jakiteko. Noiz egin dira bi galdeketa legegintzaldi berean eta biak betearazleak?

Herri galdeketak etorkizuna badu. Herri galdeketa egin behar dela uste dugu, beti delako ona herritarrek zer pentsatzen duten jakitea. Herritar batzuek sinadurak aurkeztu dituzte atez atekoa bozka dadin eskatzeko. Beste herritar batzuek errauste-planta bozkatzeko bildu zituzten sinadurak, duela 3 urte hain justu. Horregatik, gure iritziz beharrezkoa da Gipuzkoa mailako galdeketa bat antolatzea, gure hondakinak nola kudeatu nahi ditugun galdetuz. Horrela bakarrik bermatu daiteke sinatu duten guztiek euren iritzia emateko aukera izatea.

Hondakinen arazoa Gipuzkoako arazoa da, azkenaldian eztabaida aberatsa eragin duena, eragile sozial, alderdi politiko eta errauste plantaren kaltetuen artean. Hondakinen kudeaketa ereduari buruzko galdeketak herrialde mailakoa izan behar du. Guztion artean hondakinen inguruko planteamendu integrala adostu behar dugu. Herri galdeketa hori Hernanira mugatuz gero ez luke izaera betearazlerik izango, Gipuzkoa osoari eragiten diolako. Hernanin errauste-plantaren inguruko herri galdeketa bat antolatzea sinboliko hutsa da, errauste-planta geratzeko eskumenik ez dugulako.

Hortaz, errauste-plantaren inguruko herri galdeketa egiten den egunean egingo da Herananin atez ateko herri galdeketa. Bitartean Hernaniko Udalak herritarrak hondakinen kudeaketa egokiaren inguruan hezten jarraituko du, herritarrek euren aukera arrazoituta eta ezagutza zuzenean oinarrituta egin dezaten. Izan ere, herri galdeketa bat prestatzeko lehen pausoa herritarrak informatzea dela iruditzen zaigu. Kasu honetan, beharrezkoa iruditzen zaigu herritarrek errauste-plantaren arriskuak eta kalteak ezagutzea. Eskubide osoa dugu, era berean, atez ateko bilketa ezagutzeko, errauste-planta alperrekoa bihurtzea zein erraza den konturatzeko.

Galdeketa aurretik egiteari buruz

Sinadurak aurkeztu dituztenek, herri galdeketa atez atekoa martxan jarri aurretik egitea ere eskatu dute. Horren inguruan behin baino gehiagotan eman dugu gure iritzia. Izan ere, ez zaigu zuzena iruditzen atez ateko sistema ezagutu gabe herritarrak horren inguruan aukera bat egiteko atakan jartzea.

Sinadura orriek ez dute zehazten erreferenduma noiz egin behar den. Prentsa lokalean agertutako nota batek ez du bermatzen sinatzaileek eskakizunaren zehaztapen hori ezagutzen zutenik. Beldur gara sinadura bilketaren antolatzaileak puntu horretan ez ari ote diren jendea haien nahierara erabiltzen ari.

Zenbait alderdiren hipokresia

Salatzekoa egiten zaigu oposizioko hainbat alderdiren jarrera. Harrigarria da herri galdeketa guztien aurka egonik Hernanin atez atekoaren inguruko herri galdeketa eskatzeko bat egitea. Alderdi horiek zakarretara bota zituzten 3.600 sinadura Hernanin, eta 35.000 sinadura Gasteizko Lege Biltzarrean, errauste-plantaren inguruko herri galdeketa eskatzen zutenak. Zein legitimitate dute beraiek guri sinadura hauei men egiteko eskatzeko? Zer dute sinadura hauek beraiei aurkeztu zitzaizkienak ez zutenik?

Aurreko pleno batean esandakoa berresten dugu, alderdi hauek errauste planta inposatzeko ari dira Hernanin herri galdeketa sustatzen, atez ateko bilketa nola edo hala oztopatu nahi dutelako. Hernanik bere hondakinen %80a birziklatzea eragotzi nahi dute, Gipuzkoak eredu hori izan ez dezan. Herritarrok atez atekoa ezagutu dezaten eragotzi nahi dute, errauste-planta alperrekoa egitea zein erraza den ohartu ez gaitezen.

Horregatik guztiagatik, gobernu taldeak maiatzaren 9aren aurretik hondakinen kudeaketari buruzko herri galdeketa egiteko proposamenaren aurka bozkatuko dugu.

0 iruzkin oraingoz

iruzkina gehitu

  1. Konektatu