Alderdi eta talde ezberdinen balorazioak

Alderdi eta talde ezberdinen balorazioak Elkarbanatu

Usurbilgo Noaua aldizkariak herriko eragileen balorazioak bildu ditu:

[2010-02-28]
Emaitza gaueko 21:30ean eman da ezagutzera. Ordutik jaso ditugun balorazioak hauexek. 5 edukiontzien aldeko Herri Plataformako kide den Pedro Ibarrarekin hainbatetan saiatu gara telefonoz kontaktuan jartzen (bera izan da bozeramalea kanpainan) baina ez dugu berarekin hitz egiterik izan. Gauza bera gertatu zaigu Luismari Ormaetxea Hamaikabat Usurbil alderdiko kidearekin ere. Bihar saiatuko gara denen iritziak jasotzen.

Lontxo Zubiria, Aralar: “Atez atekoaren aldeko apustua egin duten guztiei zorionak”
Lontxo Zubiria Aralarreko zinegotziak, lehenik eta behin, parte hartze altua nabarmendu nahi izan du: “%70ekoa izan da, beraz, hasteko usurbildarrei eskerrak eman parte hartze zabala izan delako. Atez atekoaren aldeko apustua egin duten guztiei zorionak eman nahi dizkiet, gehiago etorriko direla eta hemendik animatu nahi ditut Oiartzun eta Hernaniko herriak, bidea elkarrekin egin dezagun. Hori delako bidea”.

Agurtzane Solaberrieta, Ezker abertzalea: “Izugarrizko ariketa demokratikoa izan da”
Agurtzane Solaberrietak bozka kopuru altuan erreparatu du lehen lehenik: “azpimarratzekoa da parte hartzea, izugarrizko ariketa demokratikoa izan da Usurbilen egin dena, eta beste erakundeek ere aintzat hartu beharko luketela. Parte hartzeak erakutsi du jendea jakitun dela arazo handia dela hondakinena, eta arazoa den neurrian guztiok dugula zeresana horretan”. Emaitzari dagokionez,  “pozik atez atekoak irabazi egin duelako. Sistema berria da, berritzailea da. Urtebete egin dugu atez atekoarekin eta herritarrek erakutsi dute ze sistema babesten duten. Nahiago genuke babes handiagoa, baina toki guztietan irabazi du atez atekoak, auzo batean izan ezik”.

Joxe Mari Irazusta, Atez Ate! Dudipe bilgunea: “Jendeak sinistu duela atez atekoan”

Herri mailako erreferenduma izateko, “sekulako emaitza da parte hartzearena. Sekulako garaipena, usurbildar guztiok harro egoteko modukoa. Emaitzari dagokionez, jendeak heldu dio arazo honi, ikasi du atez ateko sistema erabiltzen eta horretan jarraitu nahi du. Erronka berriei ekiteko ilusioa ematen digu”. Hitz gutxitan, “partehartze handia eta jendeak sinistu duela atez atekoan”.

Lourdes Jauregiberri, EAJ-PNV: “Emaitza garbia izan da”
“Hasteko, zoriondu herritarrei, partehartzea ikaragarria izan delako. Jendea oso sentsibilizatuta dago gai honekin. Hedabideek asko lagundu dute eta inork ez du bozkatzeko zita ahaztu.
Emaitza garbia izan da. Ez dut uste inork zalantzan jarriko duenik. Atez atekoa nagusitu da. Eta aurretik esan genuen bezala, emaitza errespetatu egingo dugu.
Bestetik, egia da 5 edukiontzien alde 1.400 boto izan direla. Hausnarketa bat eskatzen du horrek. Aurretik ez genuen atez atekoarekin esperientziarik. Baina erraz egokitu gaitezke. Eta zerbitzua egokitu egin beharko dugu”.

Amaya Goyaran, PSE-EE: ”Hausnartzeko garaia da”

“Herritar denak zoriondu nahi ditut. Normaltasun osoz igaro dira herri kontsultako bi egunak. Aparteko gorabeherarik gabe. Emaitzei erreparatuz, argi dago zerbait ez dela ondo egin. Bozka eman dutenen %43ak ez du atez atekoan sinesten. Zerbaitek ez du funtzionatzen.
Atez atekoak diferentzia txiki batekin irabazi du. Hausnartzeko garaia da. Mahai baten inguruan eseri beharko gara eta aztertu zergatik eman diren emaitza hauek, ze atez atekoaren alde daudenek behintzat, ez zuten horrelako emaitzarik espero”.

0 iruzkin oraingoz

iruzkina gehitu

  1. Konektatu